Joxe Artola
LEHORREKO ARRANTZALEA
Lehorreko Arrantzalea
Joxe Artola
Jostirudia bakar eta bi zati atal berean.
Bigarren Aldeera Zestoan Irabazitakoa.
Erreal Bina
Donostian J. Baroja eta Semearen Moldizkiran. 1898
Irudigileak
Egintzaileak
Maria (esneduna)
Andre Terexa
Inazio Arrantzale (Patroia)
Agustin (erdi bertsolaria)
On Juan (Erregidorea)
Pedro (herri gizon alaia)
Praixku (baserritarra)
Mutila
Lau tokalari zizarrista
Buenetxea Jesusa
Ganboa Karmen
Kasal Felipe.
Artola Joxe.
Altuna Raimundo
Altuna Pablo
Andonegi Domingo
Uriarte Joakin
Euskal jostiruditar lagunkida “Euskaldun Fedeari” eta bere Dianagusi On Juan Ignacio Urangari donkitzen dio maitasun handiaren gaiaz egintza urri eta goitiritzi gabeko hau bere egile
Jose Artolatarrak.
LEHORREKO ARRANTZALEA
Oharkera.— Biltokiak aurkeztatzen du kalea, eta egilearen ezker aldetik, On Juan erregidorearen etxea bere leihoekin, eskuinetara Inazio patroiaren etxea kale aldetik sarrera duela. Gortina altxatzerakoan azaltzen da Inazio, arrantzako soin eta otarrarekin.
I
Inazio bakarrik
INAZIO: Jaungoikoari eskerrak, ondo egin dugu gaurko irteera eta ibilera. Lana da munduan den gauzarik onena; lanak erremediatzen ditu lanak. Nekearen hurrengo soseguak dira goxoenak eta eztitsuenak. Noan etxera, nire ama maitearengana, gaixoa! pozkidatu dadila bera seme hau ikusita.
Orain arropaz aldatu eta hona, bai, hona; ea ikusten dudan nire bihotz tentatzaile Maria, honantz, aurrera etortzen da egunero, euskal herriko janzkera eta usadio jatorrean, garbi eta txukun, On Juan erregidorearen etxera, esnea ekartzera, hori da nire amak eta nik begiz joa. On Juanek nire amari esan zionez, Maria nitaz gustatua dago. Berak aurpegi alaia jartzen dit beti ikustean; nik berriz alaiagoa, baina hain naiz lotsatia!, ez dut balio berari nire bihotz xamurreko borondatea agertzeko… Agustin mutilzaharra badator, hori dut nik lagunik maiteena munduan; baina nire asmoaren berririk ez daki, eta gorde dezagun beti bezala barrengo harra; ez dezala ezer igarri.
II
Lehengoa eta Agustin
(Agustin agertzen da ezker aldeko kaletik, arrantzako otarra galtzarbean duela eta belarrian zigarroa).
INAZIO: Agustin, zer modu?
AGUSTIN: Ondo; eta hi?
INAZIO: Ongi, Jaunari eskerrak.
AGUSTIN: Pozkidatzen nauk.
INAZIO: Zer modu gaurko arrantza?
AGUSTIN: Hainbestean, mutil; ibilera luzea izan diagu, baina nekatu arren, zerbait harrapatzen bada, neke eta nahigabe denak ahazten dituk.
INAZIO: Arrazoi duk.
AGUSTIN: Eta zuek nola zarete, ezer ba al zen?
INAZIO: Bai, suertea izan diagu, txapela bete haizerekin gindoazaan erdi penatuak urrutira, eta uste gabean inguruan sortu zaiguk arraina, eta egin diagu antxeta.
AGUSTIN: Baina zer zen, antxeta edo arraina?
INAZIO: Hi beti iguala, puntuak hartzeko.
AGUSTIN: Galtzerdia al haiz, bada, puntuak hartzeko?
INAZIO: Ba… ba… utz itzak txorakeriak eta goazemak agudo aldatzera.
AGUSTIN: Gero nora bilduko gara?
INAZIO: Praixkuren sagardotegira.
AGUSTIN: Ongi zagok! Han zanbulla eta lenta egingo diagu.
INAZIO: Aizak, Agustin; Txintxoeneko baserrian izugarrizko sagardoa hasi omen duk.
AGUSTIN: Bai?
INAZIO: Bai; eta gainera bolatoki eta leku ederrak omen ditik, lehenago ere baserrian ordu gozoak igaro izan ditiagu.
AGUSTIN: Hik bai, baina nik…
INAZIO: Hik ere bai; beti ni naizen lekuan izaten haiz eta… Mutil; joan behar diagu.
AGUSTIN: Urruti egongo duk; eta gero erremolkean etorri beharko diagu.
INAZIO: Enkallo geratzen bahaiz, botako dizkiat amarrak.
AGUSTIN: Hamaikak ez al dira hobeak?
INAZIO: Goazemak, atzandela izango duk eta…
AGUSTIN: Baina Inazio patroia! Hik sagardoarengatik edo gonadunarengatik nahi duk joan?
INAZIO: Hi bezalako mutilzahar zelosoari egia esan behar zaiok bai, eta… joaten nauk biongatik.
AGUSTIN: Ni, berriz, gonadunen ondora ez joateagatik, itzuliko nindukek, itsas zabalera edo arroka tartera, nahiz gilaz gora gelditu.
INAZIO: Bai esan… paper asko egin, baina gero kupel ondora, atrakatu eta fondo bertan.
AGUSTIN: Hi bai, aingurak bota eta egoten haizela.
INAZIO: Bai, kupelari kontu egiteagatik.
AGUSTIN: Edo neskari kontu hartzeagatik.
INAZIO: Eta hi?
AGUSTIN: Ni…? begira iezaiok, Inazio, esan diat mila bider mutilzahar geratuko naizela, eta hala geldituko nauk.
INAZIO: Ezkontzen ez haizen bitartean.
AGUSTIN: (Presaka) Baita ezkonduta ere.
INAZIO: Zer, zer?
AGUSTIN: Ez, halere ez banu hartzen, bizi naizen bitartean nahi nian esan.
INAZIO: Denbora izango duk testigu, eta ni ere bai.
AGUSTIN: Bai horixe; orain goazemak aldatzera eta gero hitz egingo diagu.
INAZIO: Bai, hala duk, goazen orain… Gero hona bertara bilduko gaituk.
AGUSTIN: Hik etxea hemen daukak; ni banoak nire etxera hemendik barrena.
INAZIO: Hemendik barrena ez, hemendik kanpora.
AGUSTIN: Bai, hala duk.
INAZIO: Adio, Agustin, gero arte.
(Honetan azaltzen da Maria buruan otarra eta marmita zapi zuri tartean ageri duela. Agustin ondotik sartzen da belarriko zigarroa piztuaz.)
MARIA: Egun on Jainkoak dizula. (azalduaz)
AGUSTIN: Egun on zuri ere. Noan hemendik agudo aldatzera (joaten da)
III
Maria
(Bakarrik)
MARIA: Honezkero berandu iritzirik egongo dira nire esne hartzaileak; izan ere, beti zerbait gertatzen zaigu bidean eta gaur, lagun baten zain berandutu egin zait. Noan, noan agudo nire eginkizunetara. Honantz sartzerakoan ikusi dut Inazio, bere etxera sartzen ari dela; beti bezala, hura begiratu txorrotxa egin didan zeharka gizajoak. Zer umila eta zer lotsatia den, ez du beste batzuen antzik… baina…! Jesus nirea! zer ari naiz ni denbora pasatzen hemen? On Juan nagusi ona zain egongo da eta noan, noan lehenbailehen. (Sartzen da On Juanen etxean)
IV
Inazio
(Bakarrik; ondo jantzia)
INAZIO: Hau ez da miseria? Nik bihotzean senti dudanaren nahitasunaren jabea ikusi dut hemen sartzen, eta bere ondoren nator korrokoia beitara bezala: beti hitz gozoren bat esan nahian nabil bakarrik aurkitzean; eta bakarrik geratzean, txipiroia baino bigunago jarri eta mututu egiten naiz zoragarri hari begira, baba daridala. Ai nire barren sutzailea!, izazu txingar bizi hau itzaltzeko grazia, bestela kiskaliko nau su gabeko gar honek, baina… Agustin badator; ez dezala igar nire bihotzaren konturik, gorde dezagun asmo hau, liburu bat ixten den moduan, orri batek bestea estutu eta estaltzen duen gisa… Agustini esango diot bere zain nengoela.
V
Inazio eta Agustin (hau apaindua)
AGUSTIN: Hemen al haiz, Inazio? Goiz prestatu haiz.
INAZIO: Bai, oraintxe etorri nauk eta begira nengoan ageri ote hintzen.
AGUSTIN: Horren txikia al naiz ez ikusteko?
INAZIO: Betiko moduan hator, umorekoa.
AGUSTIN: Bai, Jainkoak dohain hori eman zidak; ea, goazemak Praixkueneko sagardotegira, hemen gaur egon gabe lurrari begira.
INAZIO: Ez, egon hadi pixka bat.
AGUSTIN: Zer delako? Damutu egin al zaik lehengo hitza?
INAZIO: Ez gizona…
AGUSTIN: Ni ez nauk gizona. (Presaka)
INAZIO: Bai, bazekiat zer haizen.
AGUSTIN: Zer nauk bada?
INAZIO: Mutilzahar… zimarroia; horra esan.
AGUSTIN: Goazen, goazen, lema jiratuta.
INAZIO: Agustin, lagun zaharra, hemen giro ederra zagok eta pixka batean egoteko gogoa zeukaat.
AGUSTIN: Zertan? Txoriak izutzen, edo izarrak ikusten?
INAZIO: Bai… ikusi… nahian.
AGUSTIN: Zer, haizea?
INAZIO: Ez pasea, (neskatxarena).
AGUSTIN: Hau duk kasketa klasea.
(Irteten da Maria Erregidorearen etxetik eta kanpora joango da).
VI
Lehengoak eta Maria
MARIA: Agur, Inazio, konpainiarekin.
AGUSTIN: Agur, marmita eta batailoiarekin.
(Maria doala atzetik begiratuaz) Zeru goieneko izar dizdizaria; hori duk mirabea eder eta guria; bazirudik maiatzeko marrubia.
VII
Inazio eta Agustin
INAZIO: Ederra iruditu al zaik?
AGUSTIN: A, marrajoa! Ez al diok begiratu?
INAZIO: Nik?… Segadan, poparean, andara bizian joan duk eta.
AGUSTIN: Eta… eta? Hik ez didak ziririk sartzen gezur eta abar, Inazio, hi horren usainean habil izurdea bokartaren bezala; horrengatik hengoen hemen zain; hargatik, ikusi duanean, zuri-zuri egin haiz katuarrainen modura; goazen, goazen, Praixkuenera.
INAZIO: A?… Txintxueneko baserrian hasi omen duk sekulako sagardoa.
AGUSTIN: Orduan, sekulakoa bada, ez duk behin ere ahituko.
INAZIO: Hi beti iguala!
AGUSTIN: Bai, nahi eta nahi ez.
INAZIO: Egia.
VIII
Lehengoak eta Pedro (hau ondo jantzia)
PEDRO: Kaixo, jaunak.
AGUSTIN: Ongi etorri, Pedro.
PEDRO: Zuek, arrantzaleek jakiten duzue sagardo ona non dagoen eta ikusi zaituztedanean, galdetzera etorri naiz.
INAZIO: Gaur jakin dugu Txintxueneko baserrian hasi dela txotx berria.
AGUSTIN: Bai; honek esan duenez, sekulakoa omen da eta oraindik inork edan gabea.
PEDRO: Hauek esaerak! Beti bezala, umorekoa zaude.
INAZIO: Hau ez al daki zein den?
PEDRO: Bai, bai!, ongi, ongi; eta zein aldetan egiten da baserri hori?
INAZIO: Esan digutenez, galtzada luze pasa eta eskuin aldera dagoen etxea omen da; bere bolatoki eta guzi, zelai ederrak eta leku alaiak omen ditu bere inguruan.
AGUSTIN: Gu ez gara behin ere izan baserri horretan baina Jaungoikoak nahi badu, guk bezala, gaur goiz xamar itsasotik etorri eta arratsalde guztirako joan behar dugu.
INAZIO: Honezkero Praixkuenekoekin pasa beharko dugu.
PEDRO: Eskerrik asko, Jaunak; agur.
BIAK: Agur, Pedro; ondo ibili.
INAZIO: Goazemak gu ere beti hemen egon gabe, honezkero sagardoa hozten zagok.
AGUSTIN: Ostu, zeinek, lapurrak?
INAZIO: Beti igual; goazen, goazen. (joanaz)
AGUSTIN: Eta han egingo diagu fondo; hara esan nik orain ondo. (joaten dira)
IX
On Juan
(Bakarrik; eskuan makilarekin irteten da bere etxetik.)
ON JUAN: Aberatsak, bai!, aberatsak! Zertarako dut dirua? Nahiago nuke orain joan diren horien sasoia: Dirurik ez nuenean, nuen apetitu ona, ezin asea, inola bete ezina; eta orain dirua dudanean, ezertarako gogorik ez; hau mundu desberdina! Esan dezagun…, gauza guziak ez dira nonbait komeni, dirua ere borobil bat delarik, ez ditu bi alderdiak igualak. Zer egingo da, bada! Ezaguera badut eta hargatik dena pazientzian hartzen dut; Jaungoikoak denei dohain diferenteak bidali dizkigu: bati politasuna, besteari gizentasuna, beste askori ezaguera; hala niri eman dit pazientzia, eta kontentu naiz nire izaerarekin. Maria esne ekartzaileak esan didanez, haien etxean, Txintxuenean, sagardo guztiz ona saltzen jarri dute, eta nahiz ez edan, paseatuaz joango naiz. Hango usain goxoa adituaz eta jendea ikusiaz denbora hobeto atseginduko dut; gainera Maria egongo da sagardo saltzen, eta txuliatuko dut pixka bat: bera ere kontu eta tildeetarako oso grazia handikoa da; lastima litzateke asko moduko eskuetan erortzea horrelako arrosatxoa. Noan, noan, ttapa-ttapa, bazterrak ikusiaz, eguraldi ederra dago eta…
(Joaten da, eta gortina kalea jasoaz agertzen da sagardotegia)
BIGARREN ZATIA EDO KOADROA
Agertzen da baserri etxea ezker aldean, goian leihoekin, eta sarbidea behean (etxekoa) sagardotegiko atea gordea edo bazterretik, etxe aurrean arbola eta kanpo gauzak, etxe kantoian aulki luzea, eta paretatik zintzilik ohol bat letra hauekin:
TXOTX BERRIA
X
Inazio
(Bakarrik)
INAZIO: Soinekoz aldaturik horra etorri, goiz bazkaldu eta, Txintxuenera. Urruti egiten da, baina sasoiak dena alderatzen du.
Agustin mutilzaharra nirekin batean zetorren eta hor bidean gelditu da zerbait egiten; itxoingo diot, laster da hemen.
Hau leku patxadakoa! Hau paraje sanoa, hau brisa ederra nabaritzen den hemen. Bela betean noala iruditzen zait ollaxka tartean bateltxoari urak zirri eginaz.
Ez dakit zergatik, baina nire bihotzean dardara gozo bat sentitzen dut. Hau atsegin gozoa, hau eztitasuna! Hau gozakai paregabea! Zein ederra eta pozgarria den alaitasun hau, bedeinkatua izan dadila Euskal Herria bere txoko, bazter, mendi eta zabalerarekin.
Agustin ez da ageri (begiratuaz); baso bat sagardo edatera noa. Jainkoak estreina on digula eta probetxu ona egiteko grazia. Orain ikusiko dugu fama bezain ona ote den (eskuari txistu emanaz). Abiadura har dezagun eta segadan barrenera. (sartzera doala sartzen da Agustin.).
XI
Inazio eta Agustin (hau sartzen da kantari)
AGUSTIN: «Inazio, gure patroi handia…»
INAZIO: Hala ere! Bizi haiz?
AGUSTIN: Uste diat baietz; ez al nauk ikusten?
INAZIO: Bai, mutil… asperturik hire zain egotez, oraintxe nindoaan baso bat sagardo ateratzera; eta hi etorri haizenez gero, hoa aurretik, eta atera ezak.
AGUSTIN: Ni sakalari?
INAZIO: Ez duk esaten “sakalari”, baizik “ateralari”.
AGUSTIN: Bai, eta hi “sartulari” (eskua ahora igoaz)
INAZIO: Tira, tira…
AGUSTIN: Tira? zeini tira?
INAZIO: Ba… ba!
AGUSTIN: Baba? Ez duk txarra jateko.
INAZIO: Hitz gutxi eta berriketa asko.
AGUSTIN: Goazen, goazen. Hi beti zakurren isatsa bezala atzetik; ez diat ikusi munduan hi baino ospelagorik. Ni ez banintz, ez zekiat zer egingo huen hik; hik ez huen patroia izan behar, baizik eskribientea.
INAZIO: Goazen, goazen.
AGUSTIN: Nora?
INAZIO: Kupelen ondora.
AGUSTIN: Orain duk, bada, denbora.
INAZIO: Uste gabean bertsotan ari gaituk.
AGUSTIN: Hori edan gabe; gero kontuak eta kantuak.
INAZIO: Askotan umorerik gehiena pasatzeko asmoan etorri, eta gertatzen duk txarrena pasatzea.
AGUSTIN: Eta tontoturik jartzea.
INAZIO: Eta triste jiratzea.
AGUSTIN: Bai, gertatzen duk, baina goazen eta edan dezagun eta bakea eman dezagun.
INAZIO: Bai hori duk onena, goazen. (doaz)
XII
Pedro (bakarrik; azaltzen da kopeta lehortuaz)
PEDRO: Hau leku alaia, hau giro ederra, eta hau sasoia ibiltzeko! Zer atsegina den honela oinez etorri eta sagardoa edatea! Euskaldunentzat gozotasun hoberik ez da munduan.
A zer gustura edango dudan sagardoa!… Eta hau usain gozoa eta jatorra nabaritzen den kanpotik. Zer izango ote da bertatik? Noan eztarri lakar hau leuntzera Euskal Herriko olio leunarekin; hori da gure baltsamoa, hori da gure poz-emailea, euskaldun alaigarria.
XIII
Lehengoa eta Agustin
(Pedro sagardotegira sartzerakoan irteten da Agustin, eta topo egiten dute elkarrekin.)
AGUSTIN: Ia enkallatu ginen tirabira eginda.
PEDRO: Bai, uste gabeko aurkiera zen… Agustin, nahi duzu edan?
AGUSTIN: Ez; orain nator edan eta.
PEDRO: Gizona, beste batek ez dizu gaitzik egingo!
AGUSTIN: Ez, jauna, ez; kontuz ibili behar dugu, bestela gero apasta bota eta arrastan eramango gaituzte.
PEDRO: Gero arte, bada. (joanaz)
AGUSTIN: Bai; gero arte.
XIV
Agustin
(Bakarrik)
AGUSTIN: Hori sagardoa! Aingira baino leunago sartzen da. Eta hauxe da uste gabeko lekuan adiskideak bilatzea. Atzo kalean ikusi genuen Maria, erregidorearen etxera esnearekin joaten dena, dago sagardoa saltzen, eta… han “agur, Inazio konpainiarekin” esan zuen begiratu zorrotza boteaz. Inaziok eta horrek zerbait izan behar dute, esan dezagun, ezer gabeak ez dira izango, noski; neskak, behinik behin, etxe onekoa dirudi. Orain ere ongi etorri eginaz aurpegi alaiarekin hitz onak eta gozoak esan dizkio, eta Inazio bere ondoan dago, lapa arrokari erantsia bezala, zenbat ahalegin diodan kanpora irteteko; esan dit ongi dagoela han, ez daukala ibiltzeko gogorik, nekatua dagoela eta… zenbat horrelako aitzakia; baina… ni marrajoa naiz eta ukatzen badu ere, alferrik da, Mariak bihotza Inaziori marea-gora jarri dio, baina, gizagaixoa! Itsasoan trebea eta beldur gabea da, nahiz estropadan ere bai; baina neskari amodioa egiten katuarraina baino motelago eta txipiroia baino bigunago da.
Nik ez dut ezkontzeko asmorik; mutilzahar geratzeko asmoak ditut, bizi naizela eta ez naizela, baina ezkontzeko asmoa banu eta, horrek bezala, begiz joa izan, agudo beita bota eta amuan harrapatuko nuke, edo sarean leun-leun, eta saretik ihesi hasiko balitz, orduan klak! arpoiarekin niretzat. A tontotzarra!, egon hadi hor maskuloen gisa, denbora galtzen, baba dariala ahotik. Tokan ari direnei begira egotera noa pixka bat eta laster etorriko naiz berriz laugarrena edatera, hemen buiak bezala beti batean egon gabe. (doa kanpora).
XV
Pedro bakarrik.
(irteten da sagardotegitik)
PEDRO: Sagardo ederra dago; arrazoi zuten arrantzaleek; haiek jakiten dute non dagoen edari ona; hori da kolore fina! txinpartak pil-pil gainera ateratzen zaizkio, eta olio frantsesa baino leunago sartzen da, eztarrian zirri eginaz; hori mama! Zeinek lezakeen izan etxean urte guztirako.
XVI
On Juan eta Pedro
(On Juan sartzen da txalekoa askatuarekin eta eskuan itzalgaia)
ON JUAN: Arratsalde on, Pedro!
PEDRO: Hala berean dezala berorrek ere, on Juan. Hemengo aldi?
ON JUAN: Bai, eguraldi ona dago eta, jiratxo bat egin denbora paseaz.
PEDRO: Nahi du sagardo ona edan? Aterako dut, nahi badu.
ON JUAN: Ez, ez; eskerrik asko; ezer jan gabe, ez dut ohiturarik, eta jan eta ere gutxi, baso pare bat gehiegi ditut arratsalde guztirako; ez zalea ez naizelako, baizik ezin dudalako.
PEDRO: Berorrek balezake, bada, diruduna eta…
ON JUAN: Ez da hori kontua; gaitz egiten didalako.
PEDRO: Orduan, nahi badu, goian sukaldean bixigarri pixka bat eskatuko dut.
ON JUAN: Ez, ez; lan hori ez hartu niregatik; neroni igoko naiz. Bidez, etxeko andreari diosal egingo diot. Goazen, Pedro, zu ere igo zaitez; elkarrekin denbora atseginduko dugu hobeto.
PEDRO: Nahi duen bezala. (hizketan joaten dira)
XVII
Mutila
(txarroa eskuan duela, sagardo bila).
MUTILA: Ez dute gutxi edaten zelaian dauden haiek: hirugarren txarrokadaren bila nator. Hori entrama! (sartzen da sagardo bila)
1. TOKALARIA: Ez da basta galtzea, txandaka izaten dituk lukainkak.
2. TOKALARIA: Hurrena, zuen txanda izango duk irabaztea.
3. TOKALARIA: Bai, galtzen ez badugu.
4. TOKALARIA: Hori egia. (sartzen dira edatera.)
XVIII
Agustin; gero mutila
(Agustin etortzen da tokalarien ondoren)
AGUSTIN: A zer partidua jokatu duten horiek! Edan dezagun guk ere baltsamo hori. Oraindik hor egongo da Inazio, kriseiluen gisa, begiak dirdir eginaz. (bakailaoa gerrikotik atera eta janaz) Bakailao hau neskazaharra izango zen, bai lehorra eta gazia dagoela!
(Mutila irteten da txarroarekin eta estropezu egiten du koskan.)
AGUSTIN: Ia txarroa isuri eta sagardoa hautsi huen.
MUTILA: Ederki eman ere.
AGUSTIN: Txiki: osabaren etxean parienterik ba al duk?
MUTILA: Bai. (zeharka begiratuaz)
AGUSTIN: “Bai, jauna” esaten duk.
MUTILA: Kaballeroari bai!
AGUSTIN: Eta ni zer nauk, bada?
MUTILA: Bakalleroa; orain ere bakailaoa eskuan daukazu.
AGUSTIN: (erdi parrez txuliatuaz) Bidean txarrotik egiten al duk txurrut?
MUTILA: Honantzean ez, hutsa egoten da eta…
AGUSTIN: Eta harantzean?
MUTILA: Batzuetan bai, pixka bat.
AGUSTIN: Eta besteetan?
MUTILA: Besteetan… gehixeago. (joanaz).
AGUSTIN: A zer aparejoa aterako den hori ere handitzean, baserritar eskola berbera dakar!
(Irteten dira sagardotegitik lehengo lau tokalariak)
1. TOKALARIA: Goazen; orain lagunak trukatuta.
2. TOKALARIA: Ez ez; lehengoak berak. (joanaz)
3. TOKALARIA: Bai, bai; ez pentsa ikaratuko garela.
4. TOKALARIA: Hori, hori; lehen bezala (joaten dira.)
XIX
Agustin bakarrik
AGUSTIN: Hau diferentzia! Hauek jostatzen ederki beti kanpoan, eta Inazio, hauspoaren haizea bezala, beti barrenean. Edan dezagun bosgarrena, seigarrenari bidea erakusteko.
(Sartzera doala azaltzen da Praixku)
XX
Agustin eta Praixku
(hau dator piparekin; zahar patxadakoa.) (Ezker aldetik)
PRAIXKU: Kaixo, gizon. Bagaude?
AGUSTIN: Bai, aitona, bagaude.
PRAIXKU: Ni ez naiz aitona.
AGUSTIN: Ni ere ez gizona.
PRAIXKU: Zer zara, bada, pertsona?
AGUSTIN: Ez; mutilzaharra, Jaunari graziak.
PRAIXKU: Ni bezala, orduan.
AGUSTIN: Bai eta nahi ere, lagun zaharra. Kanpo onak al daude?
PRAIXKU: Bai, bai; honenbestean kontentu gara.
AGUSTIN: Orain sagardoa edatera, e?
PRAIXKU: Ez, ez; gazteentzat sagardoa; nik edaten dut, baina nahiago dut goian ardo pixka bat edan arreba Terexari hitz bi eginaz; gainera ikusi dut gure etxe jabe on Juan honantz etortzen eta haren kondairak eta ipuinak aditzen ez gara behin ere aspertzen. Hain ona da!
AGUSTIN: Baina baso bat sagardo edan eta igoko da.
PRAIXKU: Ez, egia esaten dizut; nahiago dut baso bat sagardo baino bi baso ardo.
AGUSTIN: Ez du Miserikordiako agureen antzik.
PRAIXKU: Zer bada?
AGUSTIN: Haiek baso bat sagardo eta bi baso ardo baino nahiago dute…
PRAIXKU: Zer?
AGUSTIN: Txopin bat ardo. Nik, berriz, sagardoari nahitasun gehiago diot.
PRAIXKU: Bai; bakoitzak bere iritziak.
AGUSTIN: Adi beza: sagardo saltzen dagoen neskatxa eder hori berorren iloba da, beraz?
PRAIXKU: Bai; zergatik?
AGUSTIN: Jakiteagatik.
PRAIXKU: Gustu baduzu, igo zaitez gora nirekin.
AGUSTIN: Ez, eskerrik asko.
PRAIXKU: Gero arte, bada.
AGUSTIN: Gero arte, lagun zaharra. (Praixku sartzen da)
Noan ni ere edatera. (sagardotegira joaten da)
XXI
On Juan (leihotik) eta gero Andre Terexa
ON JUAN: Hau giroa! Hauek kanpo-zelai begiragarriak! Zer atsegina ematen duen alaitasun honek! Zer ederra den Jaungoikoaren obra! Bedeinkatua eta bedeinkatua beti eta beti izan dadila gure egilearen izaera dontsua!
(Andre Terexa irteten da plater eta baso bi hutsekin sagardo bila)
ANDRE TEREXA: Gure nagusiak txotxekoa behar omen du eta, eraman beharko diogu. (sartzen da)
XXII
Agustin on Juan eta andre Terexa
AGUSTIN: (sagardotegitik atereaz) Ederra dago; hori mama!
ON JUAN: (leihotik) Zer dugu, Agustin? Bakarrik?
AGUSTIN: Ez, jauna; Inaziorekin.
ON JUAN: Eta non dago bera?
AGUSTIN: Nafarroan, jauna, Bera.
ON JUAN: Ez; Inazio.
AGUSTIN: Kupel ondoan.
ON JUAN: Eta Maria al dago sagardo saltzen?
AGUSTIN: Bai, jauna.
ON JUAN: Beraz, ez da misterio han egotea bere ondoan. Gizagaixoa! Igarria nago gure etxera esnearekin etortzean zelatatzen duela. Zer mutil ona den (andre Terexa sagardoarekin.)
ANDRE TEREXA: Hemen naiz ni bi baso beteekin.
AGUSTIN: Adio, amona.
ANDRE TEREXA: Begira: ni ez naiz amona, desioak baditut baina.
AGUSTIN: Uste dut, bada, laster izango ote den.
ANDRE TEREXA: Nire alabak ez du gizonik.
AGUSTIN: Ez, baina bai gizongaia, ona eta zintzoa. Ez da egia, on Juan? (leihora begiratuaz)
ON JUAN: Bai; oso mutil ona eta prestua da.
ANDRE TEREXA: Hauek esatekoak, hauek… (igotzen da etxera)
ON JUAN: Zatoz, Agustin, gora; igo zaitez; xardina biziak jango dituzu.
AGUSTIN: Ez, jauna; niri itoak gustatzen zaizkit.
ON JUAN: Gizona…!
AGUSTIN: Eskerrik asko, jauna; bakailao… egiatako bakailaoa jaten ari naiz.
ON JUAN: Igo zaitez mokadu bat bederik hartzera.
AGUSTIN: Nahi duen bezala, bada; hor nator (on Juan sartzen da leihotik) A…! (jendeari) Hori da gizon kanpetxanoa; arrantzale eta herriko jende guztiak maite du aita on bat bezala. Eta horrek dituen karrakelak! (eskuekin diruengatik behatzak igurtziaz) Igo nadin, haserretu ez dadin. (igotzen da)
XXIII
Inazio bakarrik
(Irteten da sagardotegitik)
INAZIO: Hau lanbide penagarria! Kulubizen antzera dakart burua. Zer hutsa naizen! Zorionaren oparotasunez betea aurkitu naiz, nire bihotz zurrupagarriaren ondoan, hitz bi barrengoak esateko asmo osoan alderatu naiz, kolpez nire asmoa berari esan nahian eta… bakartasunean zerbait esateak beldurtu nau; gero norbait etorri da eta orduan, ez zitzaidan ondo iruditzen esatea. Desiratzen nuen berriz bakarrik gelditzea, eta bruma jartzen zitzaidan; pentsatzen nuen edan eta gehiago bizitu edo piztuko nintzela; edan eta alferrik! ezin inola! (sagardotegira begira) Gaixoa! ez dakizu nik zenbat sufritzen dudan zugatik… bai, zugatik. Berak eman dit ogi gainean jatera zihoan puska, zer amodiorekin! Bazirudien ogi gainean bere bihotza ematen zidala! Eta nik orduan hartu eta goxo-goxo begiratuaz esan diot “eskerrik asko”; zeinak erantzun didan: Barkatu gutxigatik, ahal banu, emango nizuke dudana eta ez dudana. Ia haur bat bezala negarrak txuliatu nau eta hasi naiz malkoak ezin gorderik, lehertuko ez banintzen, alde egin behar izan dut lagunen aitzakian. Noan ostera… baina ez! ez naiz joango… baina… bai, joan egingo naiz; itsaso txarrari ere gogor egiten zaio, eta nik ere barrengo beldur gogorrari, gogorrago egingo diot. Noan, den bezala nire asmo on hau esatera… Bai; gauzak hasiz gero, ahal den lehenena egin behar dira…
Han egongo da gaixoa, gau tristean izar dizdizaria egoten den bezala, bakarrik estalpe ilunean, eta zenbat eta iluntasun gehiago inguruan, orduan eta dizdirasun eta argitasun gehiago eginaz.
Ezin egon naiz soseguz, olatutan, baga handi tartean nabilela iruditzen zait.
(gora begira) Aingeru guardakoa, arren! lagun iezadazu indartzen fede oneko pauso hauetan.
(Sagardotegira sartzera doala irteten da Agustin etxetik)
XXIV
Agustin eta Inazio.
AGUSTIN: Inazio, bizi al haiz?
INAZIO: Ez al nauk ikusten?
AGUSTIN: Bai, ia itoan ateratako baten moduko begiak dauzkak! (txuliatzen) Tirabira egin al duk?
INAZIO: Bai, marea… ia.
AGUSTIN: A! Maria! Hau duk komeria! Hi hor egon haizen bitartean goian izan nauk, on Juan erregidorea eta Pedro alaiarekin mokadu bat hartzen, eta kontu ederrik esan ditek hiregatik.
INAZIO: Zer zioten, bada?
AGUSTIN: (jendeari) A zer ikara eman behar diodan!
(orain berari) Mutil… lagun on batengatik esan behar ez direnak.
INAZIO: Esan iezadak zalantzan eduki gabe.
AGUSTIN: Ez al haiz haserretuko egia esanda?
INAZIO: Egiak ez dik inor ikaratzen.
AGUSTIN: Bada… esan ditek; hi tonto bat haizela, neskatxaren ondoan buia baten moduan hagoela, neskatxa horrek bere majoa baduela, eta laster senar aberatsa hartzeko asmoetan dela, tantza lodia jarri behar dela amuan hori harrapatzeko, eta horrelako makina bat gauza; eta haiekin batean zagok beste gizaseme ezkongai bat, lehenago hemen nirekin hizketan egon eta igo duk, mutil…
INAZIO: Ez duk posible Mariak niri hori egitea; bestela zerbait esango zidaan, eta gainera hain ongi portatu duk nirekin, jatera zihoanetik puska bat eman zidak.
AGUSTIN: Hark zer egingo zian, bada? Pux! Denena: sagardoa saltzeagatik datorren guztiari ondo egin. A tontoa! Hik ez dakik hemengo kontua; utz itzak txorakeriak, ez fidatu gonadunekin; denek elkarren antza ditek eta negarra besterik ez ditek ematen. Mutilzahar, mutilzahar, ni bezala, biba mutilzaharrak!, galtzadunak libre, kaioen modura lema jiratu eta nahi den aldera, emakumeak eta katuak sukaldera, baina ez hadi horrengatik tristatu; goazen, edan dezagun eta bakea eman dezagun.
INAZIO: Ez; gaitz egingo zidak. (esertzen da)
AGUSTIN: (jendeari) Hori ziria sartu diodana gizagaixoari; baleki dena gezurra dela eta gainera bere alde denak aritu direla esanaz desiratuko edo poztuko liratekeela biek bat egitea... Bai; gauza guziak zenbat eta neke gehiagorekin eta nahigabe handiagorekin igaroz gero, hala berean gozotasun eta atsegintasun hobeak ondoren izaten dira. Sinistu dit gizagaixoak! Hain da lotsatia eta beldurtia! Orain edatera noa, eta bakarrik badago neska,… horren ordez neronek esango diot ez gehiago sufriarazteko eta goian zer hitz egin duten. (Inaziori) Ba al hator? Ni edatera noak. (Inaziok kasurik ez dio egiten)
AGUSTIN: (jendeari) Bai; neskari esango diot horren asmoa, beragatik txoratzen dagoela, eta on Juanek ere nahi duela biak batzea.
(Inaziori berriz) Inazio, mututu egin al haiz?
INAZIO: (oso lehor) Ez!
AGUSTIN: Goazemak, edan dezagun penak ahazteko, orain edaten duanak indartuko ditik kemenak.
INAZIO: Hoa zori-orduan!
AGUSTIN: Ordu erdian ez al da igual?… Goazemak, Maria… behea zagok, bestela bakarrik noak eta bienak edango ditiat. (joaten da)
XXV
Inazio bakarrik
(Altxaturik)
INAZIO: Hau samintasun arantzazkoa bihotzean sentitzen dudana! Hau nahigabezko egarri lehorra! Bide zuzenean estropezu egiten duenak zer egingo ote du okerrean? Pazientzia har dezagun ahal den moduan, bai, pazientzia. Jauna: izan bedi hau zure borondatea. (pixka bat egonda) Agur, Txintxueneko etxe gogoangarria! Beti-betiko agur, bizi naizen artean, ez naiz hona eta ingurura ere etorriko eta azalduko: baina… (indarrez) bai, jakin nahi dut zein den beste galai hori, ezagutu nahi dut, nire begiz ikusi gabe ez naiz sosegatuko. Bestela, berriz, Mariaren ahotik aditu gabe ezetza, ez naiz atzeratuko; eguraldiak ere mudatu egiten dira; esango diot Mariari beste horrek nik baino diru gehiago izango duela baina bihotza askoz nik baino txikiagoa duela. Zein ote da ori? A! Agustinek esan dit harekin hizketan hemen egon dela. Hori ote da? Nik egingo dut modua ezagutu edo zein den jakiteko.
XXVI
Lehengoa, on Juan, Pedro eta gero Agustin.
(On Juan eta Pedro etxetik irtenda.)
ON JUAN: Nola gara, Inazio? Euririk izango al dugu biderako? Zer deritzozu?
INAZIO: Jauna, izan liteke, trumoi handia dabil hemen inguruan.
PEDRO: Itxurarik ez dauka, bada.
INAZIO: Itxurarik ez, baina erasoak uste gabean sortzen dira eta trumonada lehertzen da.
ON JUAN: Bai batzuetan, baina orain…
INAZIO: Orain galanta eta uste gabekoa.
AGUSTIN: (sagardotegitik aterarik) Hemen naiz ni ere; berok etxe aldera joateko asmoan izango dira, ez da egia?
ON JUAN: Bai; zuek ere bai?
AGUSTIN: Ez, jauna; guk oraindik ez dugu arrantzarik egin baina… harrapatuko dugu.
PEDRO: Ba al da harrapatzeko asmoa?
AGUSTIN: Jarria dugu, behintzat, amua.
PEDRO: Beste paretxo bana edan beharko dira oraindik harrapatzeko, e?
INAZIO: (triste) Nik ez behintzat tantorik ere… Nahiago nuke hemendik hogei milaz itsas erdirago banengo.
ON JUAN: Bete al zara pozez?
INAZIO: Ez, jauna; nahigabez.
PEDRO: Zer duzu, bada? Zotina?
INAZIO: Barrena daukat oso mina.
ON JUAN: A! Hori da bihotzerrea.
INAZIO: Bai, jauna, bihotza errea, kiskaltzen daukat.
ON JUAN: Zu beti egia gordetzen.
INAZIO: Eta berok ilea hartzen.
PEDRO: Beraz Maria, e?
AGUSTIN: Bai; lehenago esan diot dena, eta ez du sinistu.
INAZIO: Ez ikusi arte.
ON JUAN: Bai, Inazio, bai, sinistu zenezake.
AGUSTIN: Bere ahotik orain bertan adituko duk. (joaten da Mariaren bila.)
P. ETA ON J: Bai, bai; egia dela.
INAZIO: Eta berok nondik dakite?
ON JUAN: Bere amak eta guk, denak lehenago gauza horren gainean mintzatu gara. Nola nahi duzu guk gezurra esatea? Alaitu zaitez, gizona, horrela, motel egon gabe; suerte txarra al da, bada, Mariarentzat?
INAZIO: Eta goian berarekin egon den horrek maite al du Maria?
ON JUAN: Maite? Txoratzen dago, eta nola ez? egunero etortzen da hona eta beti erregaliak ekartzen dizkio berari.
INAZIO: Horrenbesteraino?
PEDRO: Bai; zu ezagutzeko asmoak ere baditu. Poztu, Inazio, gauzak seguru jakinez gero, penak utzi egin behar dira.
INAZIO: Ezin liteke hori izan.
ON JUAN: Baietz, gizona.
XXVII
Lehengoak, Agustin eta Maria
(Hau Agustinek eskutik helduta.)
AGUSTIN: Hona hemen bera.
INAZIO: (zeharka begiratuaz) Eta zer ederra den esker beltz hori!
AGUSTIN: Maria, esan egia denen aurrean; ez al da egia gizongaia baduzula?
MARIA: Bai eta bai.
INAZIO: (jendeari) Goian dagoena izango da!
AGUSTIN: Aditzen duk, Inazio? Esan berriz, Maria.
MARIA :Baietz.
INAZIO: Eta baietz esaten du!
ON JUAN: Esango ez du, bada?
AGUSTIN: Eta ez da egia asko maite duzula?
MARIA: Berak ni baino gehiago.
INAZIO: Faltsua! Etsaiarekin zaude infernuan eta ni jartzen nau purgatorioan!
AGUSTIN: Ez al da egia, mutilak nahi badu, berehala ezkonduko zarela berarekin?
MARIA: Bai pozik; horixe.
ON JUAN: Aditzen duzu, Inazio?
PEDRO: Arrazoi al genuen?
INAZIO: Bai, entzun dut; baina ez dut sinisten.
MARIA: Bihotzetik esaten dut, bada.
INAZIO: Zuk bihotzetik? (jendeari) Honek ez du bihotzik; bestela kortxozkoa da.
AGUSTIN: Eta nahi duk jakin zein den arrantza hau egiten duen suertosoa?
INAZIO: Esan agudo, amuz zulatzen eduki gabe.
AGUSTIN: Bada… hik gutxiena pentsatzen duana. Maria ekarzu bostekoa. (jendeari) Hau eskua, aingira baino leunagoa da! Eta hik (Inaziori) ere ekarzak bostekoa, horra biak itsasoko arrantza-obispoak elkartu; mutilzaharrek zerbaiterako balio dugu.
INAZIO: (adiskide) Egia al da ikusten nagoen guzia?
MARIA: Bai, Inazio, nire patroi handia.
AGUSTIN: Hain egia, nola den itsasoa gazia?
INAZIO: (pozez) Jesus maitea, Mariatxo maitea, lagun zahar maitea, berok maiteak…
ANDRE TEREXA: (leihotik) Zer da oihu horiekin? Txoratu egin al zarete, edo zer pasatzen da?
AGUSTIN: Betor, betor, amona-gaia.
ANDRE TEREXA: Hor naiz berehalaxe.
ON JUAN: (Pedrori) Ondo konpondu dira.
INAZIO: Baina ikusten nagoen egia guztiak gezurra dela dirudi.
ON JUAN: Kontentu zarete, e?
PEDRO: Egon litezke.
AGUSTIN: Erria kordela.
INAZIO: Hau poza nirea! Esan iezadazu berriz eta berriz; ez naiz aseko entzutez, nire izar ederra.
MARIA :Zurea naiz eta zuretzat izango naiz.
ANDRE TEREXA: (etortzen da) Beraz, konpondu zarete?
AGUSTIN: Konpondu? hautsiak al daude, bada?
ON JUAN: Ea, aditu nire iritzia edo oraingo asmoa. Nola biak zareten nire ezagunak edo txit maiteak, ni izango naiz zuen apaidina, berori, andre Terexa, amaidina, eta zuek izango zarete testigu.
AGUSTIN: Jauna, hauek ez dute testigu beharrik.
ANDRE TEREXA: (Mariari) Orain kontentu izango zara?
INAZIO: Nik harrapatzen ditudan arrainik goxoenak zuretzat izango dira, maite nirea.
AGUSTIN: Errien banda! Noizbait garbi esango duk zerbait, lagun zaharra; eta lehenbizi izaten duzuen fruitua harra izaten bada…
DENAK: Zer?
AGUSTIN: Nik erakutsiko diot igeri; eta mielga izaten baldin bada…
DENAK: Zer, zer?
AGUSTIN: Nik botako dut putzura.
ANDRE TEREXA: Gizona, txoratu egin al zara?
AGUSTIN: Bai; ur gazitan bedeinkatzera, salitrea izan dezala.
INAZIO: Horiek ikarak pasa ditudan! Aizak, Agustin: eta zein da bada hor goian dagoen ezkongaia eta erregaliak ekartzen dizkiona honi?
ON JUAN: A!… Horren zeloak zenituen? Bada hori da… ezagutuko duzu agudo.
AGUSTIN: Bai; deituko diot nik. (joaten da)
ANDRE TEREXA: Zu zara, beraz, Inazio?
INAZIO: Bai, andrea; zerbitzeko.
(Agustin eta Praixku azaltzen dira)
AGUSTIN: Hona hemen.Topo egin dut; bazetorren behera.
INAZIO: Hori al zen? Aitonen bat da hori.
MARIA: Bai, nire osaba da.
INAZIO: Orain konturatzen naiz zu maitatzea eta erregaliak ekartzea.
PRAIXKU: Kontentu zarete, e? Horrela, horrela, urte askoan.
AGUSTIN: Horrela badaude urte askoan, nekatuko dira.
PEDRO: (Agustini) Horrek behintzat harrapatu du arrain ederra.
AGUSTIN: Bai, dontzeila freskoa; eta nik hau baino gutxiago ez naizela esateko gaur, harrapatuko dut izugarrizko…
DENAK: Zer?
AGUSTIN: Izugarrizko lupia.
PRAIXKU: Ederki, ederki (jendeari) Hori arrantzale erreminta.
ON JUAN: Orduak aurreratzen ari dira eta abiatu behar dugu.
AGUSTIN: Edan dezagun, bada, despeditzerako denak elkarrekin lehorreko arrantzaleen izenean; (jendeari) eta berok gustu badute, etorri txotx berria edatera, ez dago edan eta pagarik, neronek emango diet gaur pozik nahi duten guzia.
PEDRO: Abiatuko al gara, bada, etxera?
ON JUAN: Bai, abia gaitezen; baina horretarako, lehenbizi, Inazio, aurreko jaun horiekin despeditu zaitez.
MARIA: Bai; jendeari agur egin gabe ez da ondo joatea.
PEDRO: Arrazoi du Mariak. (bitarte honetan andre Terexa eta Praixku hizketan atzeago egoten dira)
INAZIO: (aurreratuta) Jaunak…
ON JUAN: Tira, segi.
INAZIO: Zereko…. zera…. eta… bai… eta…
AGUSTIN: Alde egin ezak; horretarako ere ez duk balio. Hiri dena bestek esan behar dik. (jendeari) Honek esan nahi duena da…
MARIA: Berak esan dezala.
DENAK: Bai, bai,
INAZIO: (aurreratuta)
Nola den hau izan behar
duena nire emaztea,
gustatu bazaiote, txalo
bat nahi nuke ematea;
eta onez, bada, beron
gaurko borondatea
kontentu geldituko da…
Lehorreko arrantzalea.
AZKENA